XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina bizitzeko pasio eta deman, Marina Tsvietaievak ez zuen abagunerik topatu bere aberrian; ez, ordea, atzerrian ere.

Modu beretsuan ez zuen sosegurik aurkitu literaturan eta ezta hizkuntzan ere.

Frantzesez idatzitako literatura garaikidean aurrenekoetakoa izan genuen atzerri-gustoa hizkuntzan bertan txertatuaz batera, frantzes- idazleentzat beraientzat gogorturik zeuzkaten artikulazio eta junturak malgutzen.

Bere esaldiak iraulezinak geratzen dira horregatixe, batzuetan, baina bere estiloa itzuli gabe txertatzen da.

Bere mintzoa hizkuntza guztiak sortu zituen orro eta aharrausi, murmurio eta xaramela horretan funtsatzen da; bizi den orotan den zelula guztien komunikazio beharrean, eta, haatik, komunikatu gabe hil beharrean.

Erromantizismoaz goiti bederen, idazleak bere burua aitortu beharra izan du, nahiz eta horretarako sarri metonimikoki mintzatu izan den, lotsa erabat ez galtzearren.

Aspaldi honetan idaztea ofizio gisa definitu izan da, eta lehen ere beti horren gertu izan ziren Ora et Labora haiek erlijioaren mundutik sormenaren mundura ekarri izan dira.

Ofizio hori ikasteko idazle askoren baliabide izan da beste idazleen dietario eta egunerokoa irakurtzea.

Gure ametsak Parnasoak santifikatutako idazle izandako haien postura eta hitzez elikatu dira.

Hala aitortzen zuen Vargas Llosak Flauberten gutunez, eta halaxe beste askok.

Erromantizismoaz geroztikako lehen idazle haiek hala nahi izan zutelako izan ala ez, kontua da idazletza ofizio bihurtu orduko, sarri izan garela mundu zabalean bere inspirazioaren ura zein osinetik jalgi ote zen jakin nahirik.

Rilkerena bere lagunen etxe eta gazteluetan omen, Flaubertena Croisseten.

Idazle modernoek, modu batera edo bestera idazle izatea beste edozein gauzaren gainetik jarrita bakardadea aldarrikatu dute, esan nahi zutena eta hizkuntzaren arteko zubilanak egiteko.

Batez ere hori burutu ezinak aztoratzen zuen Virginia Woolf ere.

Aldiz, hala behar bazen edo behar ez bazen ere, Marinak ez zuen sekula gerizperik izan idazteko.

Miseria izan zuen bide-lagun eta hala ere miseria horren aurka duintasunez aritu izan zen beti guztian (azkenera bitarte).

Gogoan dut bere gutun bateko pasarte hau: (...)